XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. IRAKURGAIAK
1.1 BILBOKO METROA.

Bilboko Metroari buruzko testua irakurri ondoren, eman ezazu, idatziz, gai horretaz duzun eritzia honako puntu hauek kontutan izanik:
- Orain arte izandako gorabeherak, kritikak, e. a.

- Lanen hasiera non-nola.

Bukaera, noizko?.

- Herritarrei begira onuragarri? Urbanistikoki...?.

Luzapen gehiagorik ez bada, datorren udazkenean, Sener, Transportes Metropolitanos de Barcelona, Sofretu eta Mothey and Anderson konpainiek Bilboko metroaren lehenengo faseari ekingo diote.

Hauxe da 1.987.eko azaroan Jose Luis Burgosek, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko Sailburuordeak, adierazi zuena.

Azkenez, badirudi, Metroaren obrak, hainbeste itxaron ditugunak hain zuzen, aurten hasiko direla Erandion.

Beraz, hauxe izango da Bilboko Metroaren estrainaldia.

Obra hauek 1.734 milioi pezeta balioko dute eta 1.990.eko apirilean amaituko direlako ustea dago.

Metroaren obra hauetan, zati bat lurrazpitik joango da, beste bat lurgainetik eta hirugarrena urazpitik.

Dena dela, lurrazpiko zatia oso sakonean ez egiten saiatu dira proiektuaren egileak.

Lurrazpiko geltokiak 8 edo 10 metrotara egongo dira batzuk eta beste batzuk lurrazaletik 20 metrotara.

Dena dela, bat edo beste 20 metro baino sakonago egingo da, baldintza teknikoek honela eskatzen dutelako.

Lurgainetik, Eusko Trenbideen Bilbo-Plentzia linea moldatuko da.

Birmoldaketa egin eta Metro bihurtuko da munduan zehar leku askotan egin duten bezalaxe.

Puntu batzuetan azpiegitura hobetu beharko da, trenek abiadura handiagoa har dezaten, baina trenek oso ondo betetzen omen dituzte metroaren baldintza dinamikoak.

Urazpitik birritan pasako da trena.

Behin Olabeagaren parean, Olabeagatik Deustura, hain zuzen, eta gero Arenalean.

Eta geltokiak oso sakon egon ez daitezen, kajoi murgilduaren teknikaren bidez egingo dira.

Hau da, ibaiaren hondoan zanga ireki, kajoi moduko tunela kanpoan egin, zangan sartu eta barruko ura atera.

Metroak, linea bi.

Metroaren planoan ikusten denez, linea edo ibilbide bi izango ditu.

Bata, Plentziatik Basaurira (Etxebarrira) doana; eta bestea, ezkerraldekoa, Santurtzitik Lutxanara joango dena.

Hasiera batean, lehenengo linea jarriko da martxan, Algortatik Basaurirainokoa, alegia.

Linea honek 8 kilometrotako sare berria izango du eta 28 kilometrotako ibilbidea osatuko.

Bestalde, zatirik zailena eta gehien balioko duena San Ignazio eta Plaza Berria lotuko dituena izango da.